Pedagogia

pedagGizakia eta haurra ikuspegi integral batetik ulertuta, aire-zabaleko hezkuntza proiektuak hiru ardatz pedagogiko ditu:

A) KONFIANTZA: 

Konfiantzaren pedagogia haurraren berezko hazkuntzarako gaitasunean oinarritzen da (autopoiesia, jakinduria biologikoa, sormenerako gaitasuna, etab.). Berezko jakinminean ardazturiko ikaskuntza horren oinarrian konfiantzazko loturak edota harremanak daude. Atxikimendu seguru batek eskeiniko dio haurrari behar duen segurtasuna eta autokonfiantza bere ingurunea esploratzeko, ezagutzeko eta pertsona gisa hazteko. Konfiantzazko harremana hazkuntza osasuntsu baterako abiapunturik onena da. Hori finkatzearekin batera, erritmo indibidual/naturalen errespetua, autonomiaren errespetua eta banakako potentzialtasunaren garapena ziurtatu beharko dira.

Haurraren autokonfiantza, beste bi zutabekin osatzen da: jolas librea eta aire-zabaleko interakzioa.

B) MAITASUNA, ERRESPETUA ETA ONESPENA 

Haurraren autokonfiantza osatzeko ezinbestekoak dira helduon maitasuna eta onespena. Haurrak bizitzarekiko jakinmin hori garatu dezan helduen onespena, maitasuna eta errespetua behar ditu; maitasunik gabe, haurraren hazkuntza eta garapena bihurtuko dira asetu gabeko lehen mailako premia horren bilaketa amaigabean.

Maitasunak, errespetuak eta onespenak haurrari ahalbidetzen dio autoirudi positibo bat eraikitzen, eta ondorioz, autoestimu on baten eta zoriontasunaren giltzarri dira. Zentzu horretan, arrakastarako baldintzarik eraginkorrena da norberaren gaitasunetan konfiantza izatea.

C) IKUSPEGI SISTEMIKOA: 

Haurra berez gizaki soziala da eta taldearen eta komunitatearen onespen-beharra dauka. Haurrak bere nortasuna eta izaera taldetasunari lotua garatzen du. Nitasun sendo eta aske bat ez da bakardadean eraikitzen baizik eta familian, eskola giroan edota lagun artean. Aitortza horrek talde espirituaren garrantzia azpimarratzen du. Bereziki, talde espiritua etengabe zaintzea eta indartzea, taldekide bakoitza taldeko partaide garrantzitsua dela bermatuz eta hala sentitzen dela ziurtatuz.

captura-de-pantalla-2017-02-06-20-31-47

BASOAN HAZTEAREN ABANTAILAK 

Hezkuntza eredu honen garrantzizko abantaila bat da hiria eta naturaren arteko kontziliaziorako bide izatea. Ikuspegi pedagogiko batetik aire zabaleko ereduak eskaini ahal dituen lorpenak ukaezinak dira.

Espazio irekiek haurrari hedatzea, zabaltzea, espanditzea ahalbidetzen diote, bai fisikoki eta bai emozionalki ere. Naturarekiko interakzioak haurraren espresabidea errazten du; autoerregulaziorako bidea eskeintzen dio (haserrea korrikaldi batekin gaindituz, oihu eginez…) eta heldutasun emozional edota afektiboa bereganatzeko baldintzak jarri ere.

Naturan hazteak, pentsamendu logikoa lantzeko ezinbestekoa den zentzumenezko hezkuntza eta esperientzia asegarriak zein aberatsak izatea ahalbidetzen dio haurrari. Zentzumenen bitarteko barne zein kanpo-esplorazioa ematen da; barne emozioekin konektatu egiten du eta naturak eskaintzen dizkion elementu anitzen esplorazioa eta manipulazioa uztartuz konexio horietaz jabetzea ahalbidetu ere.

Haurrak naturatik jasotzen duen informazioa koherentea eta konsistentea da. Argia, beraz. Baina aldi berean informazio hori oso oparoa da, matiz ugari ditu (biologia, botanika, klimatologia eta beste hainbat alderdi kontuan hartuta); beraz, egunerokotasunak ematen duen segurtasunetik abiatuta, aire zabalean hazteak aldakuntza eta barietatea hausnartzeko aukera ematen dio haurrari (urtaroen eragina bizi, eguraldiaren sentsazioak sentitu, espezieen aniztasuna ezagutu, heltze prozesu desberdinak hauteman, etab).

Espazio irekiek haurraren motrizitatea estimulatzen dute. Naturak etengabeko desafioak eskaintzen dizkio; haurra naturarekin neurtzen da eta muga garbiak adierazten dizkio; limiteen bitartez beraz, arauak bereganatzeko tresna ere bilakatzen da natura.

Espazio irekiek eskaintzen duten mugimendu askatasunak eragin argia eta zuzena du taldekideen arteko interakzioetan; espresabide irekiek elkarren arteko harreman osansuntsuagoak sustatzen dituzte; errespetuan, zainketan eta elkar-laguntzan oinarritzen diren harremanak eraikitzea errazten du.

Natura maitatzen ikasten da modu naturalean; naturarekiko errespetuaren kontzientzia eraikitzen hasten da.

captura-de-pantalla-2017-02-06-14-33-59