Zer da baso eskola?

baso-1-argazkiaOhiko eskolaren “gela paradigma” gainditzen duen hezkuntza proiektua. Baso-eskola da gelarik gabeko haur hezkuntza eredua, aire zabaleko hezkuntza ereduan oinarritzen dena eta 3-6 urte bitarteko haurrei zuzendua dagoena

Europako iparraldean jaio zen aire zabaleko hezkuntza ereduaren proposamena ez da natura eskolara eramatea (eskola-baratzak, naturaren adierazpideak biderkatzea, materialetan, jolasetan, ipuinetan, etab.); ez eta eskola bere ingurugiroari gehiago irekitzea (txangoak mendira, hondartzara, natur parkeetara). Hezkuntza eredu honen helburua ez da natura errespetatzen eta maitatzen irakastea, nahiz eta baso-eskolaren ondorio nagusietako bat horixe izan. Egunero naturan murgiltzea edota natura egunerokotasunean bizitzea nahikoa baita natura maitatzeko eta errespetatzeko. Lorpen hori ikasketa programazio berezirik gabe suertatzen da. Haurrari ez zaio irakatsi behar natura errespetatzen eguneroko harreman jarraitu bati esker, errespetu hori berez datorrelako.

BERAZ, ZER DA BASO-ESKOLA? 

  • Natura eta espazio naturalak eskola bihurtzea
  • Ikaste prozesuan natura baliabide pedagogiko nagusia bilakatzea
  • Haurra eta naturaren arteko interakzioen bidez haurraren garapen integrala bultzatzea

captura-de-pantalla-2017-02-06-14-37-35

ZERGATIK ORAIN? ZERGATIK HEMEN? 

Zer nolako mundua utziko diegu gure seme-alabei? Zer nolako seme-alabak utziko dizkiogu munduari? Bata zein bestea dira oinarrizko galderak. Kezka hauen hondoan bizikidetza eredu berri bat planteatu nahi da, alegia, kontratu berri bat naturarekin, berdinkideekin eta bereziki norbere buruarekin.

Esan gabe doa bizikidetza kontratu berri horretarako proposamen pedagogikoak behar ditugula. Zehatzago, norbera, komunitatea eta natura aintzat izango dituen proposamen bat. Hiru hankaduna, beraz. Egungo salbuespen aro honetan, harreman eraikitzaileak eta sortzaileak giltzatu behar ditugu naturarekin, komunitatearekin eta norbere buruarekin.

Dioguna ez da berria. Ezaguna da teoria mailan, baina ez bizipenetan eta esperientzian. Horrexegatik, jauzi bat bilatzen da. Badelako garaia maila pedagogiko batean irakurria, eztabaidatua eta murtxikatua dagoen hori praktikara eramateko. Badelako garaia gure ingurune gertuko haurrek aukera izan dezaten modu aske, oso eta eradaltzaile batean hazteko eta hezteko.

Gure helburu pedagogiko nagusia da gizakion autoerrealizazioa bizikidetasun eredu eraginkor zein maitakor batean integratzea. Hartara, haur askeak, zoriontsuak, gaituak eta konprometituak nahi ditugu erreferentzia gisa.

ZERGAITIK ORAIN? 

Hezkuntza eraberritu baten beharra sentitzen dugu gero eta garbiago. Asegabetasun sentimendua are eta nabarmenagoa agertzen zaigu bai gurasoen artean baita ere hezitzaileen artean. Era berean, arestian aipatu dugun jauzia egiteko heldutasun maila ikusten dugu, eta jakina ausardia ere bai.

captura-de-pantalla-2017-02-06-14-38-08

ZERGAITIK HEMEN? 

Hirigunean bizitzea aukeratu izanagatik ez diogu gure ingurune naturalari uko egin nahi. Mendiz, basoz eta itsasoz besarkatua dugun egitura urbanoak aukera eman ohi digu hiria eta natur baliabideak uztartzeko. Gurea bezalako eremu urbanoan integrazio hori bideragarri ikusten dugulako integratu nahi ditugu. Era berean, gisa honetako planteamenduak azken hamarkadetan naturarekin galdu dugun konexioa berreskuratzeko norabidean jartzen gaitu.

Are gehiago, gure inguruneak eskeintzen dizkigun baliabide naturalak hezkuntza prozesuaren erdigunean jarri nahi ditugu. Horixe da beraz, gure aldarria, eremu urbanoa eta inguruko mendiak, basoak, zelaiak eta horietan bizilekua duten bizidun oro elkarri begira jartzea, maila berean, errespetuz.